Larraga gehiago da. Larragako Ondare Historikoa
Larraga mendi baten gainean 432 metrora eta Arga ibaiaren ondoan dagoen herri bat da. Kokaleku horri esker, Nafarroako Erdialde osoa menderatzen du, Alaitz eta Uxueko mendilerroetatik hasi, Moncayoko tontorretik igaro eta Codés, Urbasa eta Andiaraino. Iraganean garrantzi handia izan zuen horrek eta monumentu ugari eraikitzea ekarri du, hala nola, San Migel eliza, Foruen plaza eta hainbat jauregi eta etxe armarridun partikular. Ondare hori ulertzeko garaian, historian zehar zer funtzio izan duten kontuan hartu beharra dago. Arlo zibilean, Foruen plaza, udaletxearen egoitza, ospitale zaharra, gaztelua kokatu zen tokia eta ostatua nabarmentzen dira. Erlijiosoan, azpimarratzekoak dira San Migel eliza, Nafarroako Errenazimentuaren adibiderik azpimarragarrienetakotzat hartzen baita, eta Primizia. Landa eremuan, Bejeras pasealekua eta ibaiko pasealekua nabarmentzen dira. Bisitaldia osatzeko, herrian dauden taberna ugarietako batean ardoa bat edan, jatetxe batean bazkaldu edo artisau-produkturen bat eros daiteke, kanela-pastak edo bi upeltegietako bateko ardoa adibidez. Jardueran honako puntu hauek bisitatuko dira:
1. Ostatua Sor Julia Ruiz kalea, 6-8 Larragako hirigune historikoaren hasiera adierazten duen eraikina. Kale nagusian dago, eta herriaren izena duen zeramika garai batean herriaren sarrera adierazten zuen errotulua da. Eraikina udalarena izan zen XIX. mendera arte, eta oinezkoei arreta eta ostatua emateko erabiltzen zen.
2. Maiorazkoaren jauregia Sor Julia Ruiz kaleko, 7 XVII. mendeko jauregi-etxea, mende horretako bi armarri handi dituena. Armarri horietan, Rodríguez de Arellanotarren armak, abizen nagusia, Solórzanotarrenak, Garcíatarrenak edo Pereztarrenak ikus ditzakegu Antzina, egun garrantzitsuetan, jauregia Karlos V.a enperadorearen armak zituzten bost tapizekin apaintzen zen.
3. Foruen plaza, 1 Herrigunean dagoen plaza barrokoa, plaza nagusi tipiko baten erdia osatzen duten eta angelua osatzen duten arkupedun bi alde dituena angeluan. Zenbait plaza bat-batean sortu ziren eta, hori dela eta, forma irregularra dute. Alabaina, garrantzitsuenak aldez aurretik taxutu eta programatutako plan bat jarraituz egin ziren, Larragan egin zen moduan. Tipologia hori Filipe II.aren erregealdian sortu zen, 1561ean Valladolideko plaza berreraiki zenean, Francisco de Salamancaren eskutik. Horrela sortu zen plaza nagusi erregularra, XIX. mendera arte errepikatu zen eredua, bere arkupe, fatxada erregular eta balkoiekin. Nafarroan plaza irregular ugari daude, eta haien artean Iruñekoa, Corellakoa, Lizarrakoa eta Gareskoa nabarmentzen dira. Hala eta guztiz ere, aldez aurretik egindako hirigintza-plan bati erantzuten dioten hiru plaza daude soilik: Tuterakoa, 1687 eta 1691 bitartean eraikia, Larragakoa eta Tafallakoa, 1856an proiektatua. Guri dagokiguna Juan de Larreak diseinatu zuen 1732an eta berriki zaharberritu da (1987). Eraikin nagusia Udalaren egoitza da, eta hiribilduaren armarria du, Ragako oin bat eta fruitu gorriak dituena. Garai batean aletegi, ostatu, espetxe, kuartel eta zezendegi gisa erabili izan zen. Azken hori abuztuko jaietan muntatzen den zezen-plaza eramangarriari lotuta dago, zeinaren markak lurrean ikus daitezkeen. Ur Ekarreraren I. Mendeurrenaren (1918) harira jarritako plaka bat ere ikus daiteke bertan. Gaur egun, aldameneko eraikinean etxebizitzak daude. Plaza berean, antzinako ospitalea ikus dezakegu, oso zaharra da eta adreiluzko erdi-puntuko arkuz osatutako galeria bat du. Herriko behartsuak eta behar zuten bidaiariak elikatzeko, babesteko eta laguntza emateko eraiki zen. Hainbat logela zituen. Haren pareta batean, pilotalekua bermatzen da.
4. Primizia San Andrés kalea, 51 Topografiari egokitutako kale luze eta estuak dituen trazadura irregular batetik sartuko gara alde zaharrera. Horien artean, plazak, etxeak eta jauregiak daude, hogei jauregi-armarri baino gehiago dituztenak, gehienak barrokoak. Gailentzen den eraikinetako bat Primizia da, angeluzuzena, ekialdeko horman hiru kontrahorma handi dituena. Fatxadan armarri bat eta trazu ezezagunak dituen inskripzio bat daude. Eraikinak elizari ematen zitzaion alea jasotzeko erabiltzen zen.
5. Esparza jauregia Cofradía kalea, 17 1825ean eraikitako jauregi-etxe barrokoa, ateburuan ikus daitekeen moduan. Esparzatarren alabastrozko armarria du bi balkoien artean.
6. Picota plaza Alde zaharreko plazarik zaharrenetakoa da, Harategiaren eta Putzukoarekin batera. Alde batean zegoen pikotari zor dio izena. Harrizko zutabe bat zen, XIX. mendera arte gaizkileak exekutatzeko erabiltzen zena. 1592an, justizia administratzaile zen Leringo kondearen kontra altxatu ziren bertan, aurreikusten zen baina azkenean egin ez zen Filipe II.aren bisita baten harira.
7. Nieto jauregia San Andrés kalea, 89 XVIII. mendeko jauregi-etxea da, berriki zaharberritu dena eta garai batean etxadi osoa hartzen zuena. Nafarroako Erdialdeko jauretxe barrokoen prototipoa da. Iturgoiengo (Gesalatz ibarra) Esparza leinuaren bi armarri rokoko handi ditu. Alabastrozko obra heraldiko horiek 1777. urtearen inguruan data daitezke, abizen hori zuten askok errege-auzitegien kaparetasun-agiria lortu zutenean. Dirudienez, garai hartan antzeko beste armarri batzuk ere zizelkatu ziren herribilduko beste etxe batzuetan, Cofradía kalean dauden biak kasu, bata harrizkoa eta bestea adreiluzkoa. Zatitutako armarria da, goian bi otso ibiltari ditu, armarriaren erdian xingola zabal bat eta beste bi zatietako batean eguzkia eta bestean otso bat.
8. San Migel eliza El Pinar kalea, 2 Larragako monumentu nagusia da eta gurtza orduetan bakarrik dago zabalik. Arkitekturari dagokionean, multzoak hainbat estilo artistiko ditu. Zaharrenak, erromaniko-gotikoak, tenpluaren sarreran daude eta barruko zutabeetaraino iristen dira. Tenplu primitibo hau XVI. eta XVII. mendeetan handitu zen, gurutzadura berri batekin eta burualde berri batekin. Lehenengoan bi zutabe erraldoi nabarmentzen dira, eta kapera nagusia estaltzen duten tronpak eta esfera-laurdena bigarrenean. Garaiko hiru eraikin erabat klasizistetako bat denez gero, handitze hori Nafarroako errenazimenduko arkitektura-lanik onenetakotzat jotzen da. Ezaugarri hori Juan de Villarreal Nafarroako errenazimenduaren aitzindarietako baten esku-hartzeak eragin zuen. Aurrerago, XVIII. mendean, dorre barrokoa altxatu zen kanpoaldean. Eta Barrokoaren eta Neoklasizismoaren artean, XVIII. mendearen amaieran, Francisco Sabandok bigarren sakristia bat diseinatu zuen barrualdean. Ondasun higigarriei dagokienez, lehendabizi, Diego Gómezen organoa aipatu behar da, teklatu barroko eta erromantiko bana dituena. Teklatu horien artean bereziki aipatzekoa da eskuineko eskuko kornetaren erregistroa da. Fatxada-erretaula monumental bat du, Nafarroako onenetakoa. Erretaula nagusia Kultura Intereseko Ondasun (KIO) izendatuta dagoen obra barrokoa da. Haren titularra San Migel da eta egilea Fermín de Larrainzar arkitektoa. Nabarmendu beharreko beste erretaula bat Arrosarioko Ama Birjinarena (KIO) da, barrokoa. Erretaula nagusiaren ezkerretara dago, eta hostotzaz eta loreez osatutako apaindura aberatsagatik nabarmentzen da, oso fina eta kontu handiz egindakoa da eta, baita XVI. mendearen hastapenetako birjina titularragatik ere. Sorospenaren Kristo Santua tenpluaren sarreran dago eta Nafarroako erromanikotik (XII.-XIII. mendeak) geratzen diren azken gurutzilkatuetako bat da. Debozio handia zaio Larragan eta, horregatik, bertako patroikidea da. Bere jaia maiatzaren 3an da. KIO izendatua dago, baita bataiarria ere, Errenazimentua zabaldu ahala landu zena (XVI. mendea). Barrualdean, sakristia neoklasikoak Diego Díaz del Valleren pintura- eta eskultura-multzo bikaina du.
9. Gazteluko gaina Gazteluko parkea, gailurra Herria kokatua dagoen mendiaren gainean, gaztelu garrantzitsu bat egon zen duela hamarkada gutxi arte, eta gaur egun harresien zati bat agerian jarri eta birtualki birsortu egin da. Erdi Aroan lau dorre zituen, eta barne segurtasunari dagokionean, Nafarroako bost onenetakoen artean zegoen. Aro Modernoan eraisten hasi zen eta Aro Garaikidean, gerra karlistetan, berriro gotortu zen. Edonola ere, XX. mendearen hasieran desagertu egin zen. Gaur egun, mendia inguratuz, pinudun pasealeku bat dago, eta, bertatik, Erdialdeko eta Arga ibaiaren meandroetako panoramika ederrak ikus daitezke.
1. Bejeren parkea Bejerak (erletxeak) Nafarroako erdialdeko eraikin tradizionalak dira, eta Larragako udalerrian asko kontserbatu dira. Erletxe bakoitza erlauntz multzo batez osatua dago. Erlauntza horiek elkarrekin daude, muino txiki baten gerizpean eta hegoaldera begira dagoen harrizko “gela” laukizuzen batean (bejera). Normalean beste eraikin osagarri batzuekin batera egoten dira, hala nola, aklimatazio-gelaxkak, etxolaren bat, beti putzu, errekatxo edo urmael batetik gertu, eta loredun zuhaitzez inguratuta erleek nekarra xurga dezaten: almendrondoak, pomeroak, intxaurrondoak, pikondoak edo muxikondoak. Bejeren parkearen helburua da horiek aztertu eta ezagutaraztea, gal ez daitezen, ragetarren tradizioaren eta bizitzaren parte baitira. Kontserbatzea merezi duen ondare kulturala da.
Tokia: Larraga
DATA ETA ORDUTEGIA
- Irailak 24, igandea – 12:00etatik 13:30era
ANTOLATZAILEA
Larragako Udala
LAGUNTZAILEA
Fototeka Kultur Elkartea
AMUDELA