ZER DIRA NAFARROAKO ONDAREAREN EUROPAKO JARDUNALDIAK
Nafarroako Ondarearen Europako Jardunaldiak asteburu batean egiten diren jardueren sorta bat da, ibilbideak, ibilaldi interpretatiboak, emanaldiak, bisitaldi gidatuak, lantegiak, hitzaldiak eta kontzertuak barne hartzen dituena, eta Foru Komunitateko ondare kulturalaren ondasun adierazgarrienak eta normalean ikusi ezin diren zenbait toki bisitatzea ahalbidetzen du.
Kulturako Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundeak jardueren egitarau zabala koordinatu du, udalerri eta entitate kulturalen arabera antolatua dagoena. Europako ondare komuna du ardatz eta, besteak beste, Donejakue bidea, hilarri diskoideoak, monasterioak, erromanizazioa, hiri gotortuak, erromanikoa eta gotikoa, ardoaren kultura eta arte barrokoa.
Ondarearen Europako Jardunaldiak (OEJ) ondare kulturalaren inguruko sentsibilizazio programa bat dira, eta 1984an Frantzian egin zirenLes Journées Portes ouvertes des monuments historiques delakoan dute jatorria. 1991 urteaz geroztik izen horrekin egiten dira Europar Batasunaren eta Europako Kontseiluaren baterako ekimenez, eta gaur egun Europako Kultur Hitzarmenaren 50 estatu sinatzaileek garatzen dituzten Europako kultur ekitaldi parte hartzailerik handiena dira.
Bere izaera paneuroparrari esker, aberastasun kultural komunaren kontzientzia pizten eta inguratzen gaituen kultur aniztasunaren aitortza eta ulermena areagotzen laguntzen du. Era berean, OEJk gizartea kontzientziatu nahi du mehatxu berrien aurrean kultur ondarea babes dezan.
Harremanetarako
Nafarroako Ondare Historikoaren Zerbitzua
Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara.
Telefonoa: 848 426 090
2025ko edizioa
Aurten ere, Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak – Vianako Printzea Erakundeak bat egin du Europako Kontseiluak Ondarearen Europako Jardunaldiak egiteko sustatutako ekimenarekin. Jardunaldiak irailaren 26tik urriaren 5era bitartean izango dira.
Jardunaldien helburua Europako ondare komunaz eta ondare hori babesteko beharraz sentsibilizatzea da, bai eta ondare horrekin lotuta inklusioa, elkartasuna eta esperientzia partekatuak sor daitezen sustatzea ere.
«Ondare arkitektonikoa: iraganerako leihoak, etorkizunerako ateak» lelopean, antolatzaileei eta bisitariei ondare arkitektonikoaren aberastasuna eta haren dimentsio ukiezina ezagutzera gonbidatzen ditu 2025eko edizioak. Identitatearen eraikuntzan eta gure inguruneko memoria pertsonalean eta kolektiboan betetzen duen funtsezko eginkizuna nabarmendu nahi da.
Jardunaldi hauek abagune bat dira haren balioaz eta hura zaintzeak dakartzan erronkez gogoeta egiteko. Gure inguruko eraikinak askotariko estilo, teknika eta eskalatakoak dira. Arte sortzailearen eta jakintza teknikoaren adierazgarri dira, eta hiri-monumentu handietan ez ezik, gure kale, etxebizitza eta eguneroko espazioetan ere presente dago.
Aurreko urteetan bezala, helburua publiko zabal eta askotarikoarengana iristea da, adin, interes eta gaitasun desberdinei zuzendutako jardueren bidez: espezialistak eta zaleak, egoiliarrak eta bisitariak, familiak, ikasleak, haurrak eta aniztasun funtzionala duten pertsonak, besteak beste. Halaber, aitortu nahi dugu elkarteek, fundazioek, gizarte-erakundeek eta administrazio publikoek funtsezko eginkizuna dutela kultura-ondarearen kudeaketan.
OEJ fitxategia

2024ko edizioak, “Kultur Ibilbideak, Sareak eta Topaguneak” izenekoak, kultur loturak nabarmendu nahi izan zituen, gure kultur ondare partekatuaren dimentsio paneuroparra nabarmendu, eta ideien trukea sustatu, gure eskualdean oraindik bizirik dauden ibilbideak aztertzen dituzten jardueren bidez.
Ondarea tokiko identitatearen eta haren jarraitutasunaren erakusgarri da, baina baita pertsona eta ideien fluxu fisikoa ere –edo gaur egun, digitala–, gure eraikin eta monumentuetan, kale eta etxeetan, eta are gure janari, erritu eta hizkuntzan eragin baitute.
Edizio hau aukera paregabea izan zen kultura arteko elkarrizketa esanguratsu batean parte hartzeko, gure iraganak eta kulturak nola elkarri lotuta egon diren eta jarraitzen duten aztertzeko, ibilbide, sare eta lotura kultural historikoak nabarmentzeko, eta antolatutako ekitaldien bidez egungo komunitateen artean lotura berriak sortzeko.

2023ko edizioa “Ondare bizia / Ondarea bizirik” lemaren inguruan antolatu da, ondareak belaunaldiz belaunaldi transmititutako praktiken, ezagutzaren eta trebetasunen transmisore gisa duen potentziala nabarmenduz gaur egunera arte.
Gure ondare material, immaterial eta naturalaren identifikazioari eta babesari buruzko hausnarketa, atzoko kultur ondarea gaur egungoa bihurtu dela eta etorkizuneko belaunaldientzat nola zaindu daitekeen ulertzeko.

2022ko edizioa ‘Ondare Jasangarria’ leloaren inguruan antolatu da, guztiok gure ondare kultural aberats eta askotarikoaren babesari buruz hausnartzeko proposamen bat – ukigarria, ukiezina eta naturala – eta baliabideen erabilera aztertzeko ondarea, artea, paisaiak, fauna eta biodibertsitatea zaintzeko, klima-aldaketak eta ingurumen-narriadurak markatutako testuinguru batean.
Kultura-ondasunak zaharberritzeko teknikak eta materialen inguruko sentsibilizazioa areagotzeak, ondarearen arloko ekimen digitalak garatzeak eta gaur egun ondare-ondasunez gozatzeko aukera ematen diguten jardunbide egokiak partekatzeak ondarearen babesa eta gaur egungo eta biharko belaunaldien sarbidea uztartzen dituzten irtenbideak aurkitzen lagunduko du.

Ondarearen Europako Jardunaldiak, Europako Kontseiluak urtero sustatzen dituena, ‘Guztion ondarea, denok parte’ lelopean ospatu dira aurten.
2021ean, ondareak pertsonak interes komunen baitan biltzeko tresna gisa duen ahalmena nabarmendu nahi izan genuen. Tokiko ondarearen interpretazioa sustatzea, parte-hartze aktiboaren bidez. Gure erkidegoko kultura-aniztasunaz sentsibilizatzea eta balioan jartzea. Ondareaz gozatzea topagune bihurtzea.
Aurten, inoiz baino gehiago, askotariko publikoari bideratzea izan da helburua, adin eta interes ezberdinetako taldeei zuzendutako jardueren bidez: espezialistak eta zaleak, herritarrak eta turistak, familiak, ikasleak, haurrak, desgaitasuna duten pertsonak, etab.

Europako Kontseiluak urtero sustatzen dituen Ondarearen Europako Jardunaldiak aurten ‘Hezkuntza eta ondarea’ izenburupean egin dira.
Edizio honen helburu nagusia ondareak ikasteko tresna gisa duen ahalmena azpimarratzea izan da, Nafarroa osoko udalek eta entitateek proposatutako jardueren egitarauaren bitartez.

Europako Kontseiluak urtero sustatzen dituen Ondarearen Europako Jardunaldiak aurten ‘Artea eta aisia’ lelopean ospatu dira.
2019an ondarearen eta artearen alderdi desberdinak jorratu ditugu norberaren eta komunitatearen gozamenerako iturri gisa, Nafarroako udalek eta entitateek proposatutako jarduera egitarauaren bidez.

Edizio hau Europako Ondare Kulturalaren Urtea ospatzeko antolatu diren ekitaldien barruan kokatzen da, eta “Gure ondarea: iraganak etorkizunarekin bat egiten duen lekua” leloak Europako kultur ondarea ezagutzera, partekatzera eta harekin konpromisoa hartzera dei egiten du, espazio komun baten kide izatearen sentimendua indartuz.

Europako Kontseiluak 2017ko deialdirako aukeratu zuen lema ‘Ondarea eta natura: aukeren paisaia’ izan zen. Hori adierazteko, kartelak kono berde baten bolumeneko irudi bat biltzen du, testuinguru naturala nolabait irudikatzen duen irudi sinplea. Konoaren oinarrizko lerroek izeiaren edo antzeko zuhaitzaren forma imitatzen dute, ilustrazioaren munduan unibertsalki erabiltzen den analogia.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak Europako Kontseiluak sustatutako Ondarearen Europako Jardunaldiak berreskuratuko ditu 2016an, urriaren 1eko eta 2ko asteburuan. Aurten ekimen berriak eskainiko ditu eta izaera berritua izango du, 58 herritan egingo diren ehun jardueratik gora proposatuz, hala nola, ondarea ezagutzeko ibilbideak eta ibilaldiak, hitzaldiak, museo, eliza, ermita, leize-etxe, gaztelu, erromatar hiribildu, errota edo monasterioetarako doako bisitak.