ZER DIRA NAFARROAKO ONDAREAREN EUROPAKO JARDUNALDIAK

Nafarroako Ondarearen Europako Jardunaldiak asteburu batean egiten diren jardueren sorta bat da, ibilbideak, ibilaldi interpretatiboak, emanaldiak, bisitaldi gidatuak, lantegiak, hitzaldiak eta kontzertuak barne hartzen dituena, eta Foru Komunitateko ondare kulturalaren ondasun adierazgarrienak eta normalean ikusi ezin diren zenbait toki bisitatzea ahalbidetzen du.

Kulturako Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundeak jardueren egitarau zabala koordinatu du, udalerri eta entitate kulturalen arabera antolatua dagoena. Europako ondare komuna du ardatz eta, besteak beste, Donejakue bidea, hilarri diskoideoak, monasterioak, erromanizazioa, hiri gotortuak, erromanikoa eta gotikoa, ardoaren kultura eta arte barrokoa.

Ondarearen Europako Jardunaldiak (OEJ) ondare kulturalaren inguruko sentsibilizazio programa bat dira, eta 1984an Frantzian egin zirenLes Journées Portes ouvertes des monuments historiques delakoan dute jatorria. 1991 urteaz geroztik izen horrekin egiten dira Europar Batasunaren eta Europako Kontseiluaren baterako ekimenez, eta gaur egun Europako Kultur Hitzarmenaren 50 estatu sinatzaileek garatzen dituzten Europako kultur ekitaldi parte hartzailerik handiena dira.

Bere izaera paneuroparrari esker, aberastasun kultural komunaren kontzientzia pizten eta inguratzen gaituen kultur aniztasunaren aitortza eta ulermena areagotzen laguntzen du. Era berean, OEJk gizartea kontzientziatu nahi du mehatxu berrien aurrean kultur ondarea babes dezan.

Harremanetarako

Nafarroako Ondare Historikoaren Zerbitzua
Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara.
Telefonoa: 848 426 090

2026ko edizioa

«Arriskuan dagoen ondarea: biziberritu, eutsi eta berrimaginatu» lelopean, 2026ko edizioak antolatzaileak zein bisitariak gonbidatzen ditu arriskuan dagoen ondarearen aberastasuna ezagutzera eta hura berreskuratzeko, kontserbatzeko eta transmititzeko abian diren ekimenen berri izatera.

Helburua da ondareak nortasun kolektiboa eraikitzeko orduan, bai eta gure inguruneetako memoria pertsonal zein sozialean ere, betetzen duen funtsezko eginkizuna nabarmentzea.

Ekitaldiak aukera ematen du, halaber, haren garrantziari eta hura kontserbatzeak dakartzan erronkei buruz hausnartzeko. Hausnarketa hori bereziki garrantzitsua da kultura-ondare immaterialari dagokionez; izan ere, ondare hori ulertzea funtsezkoa da gure kultura-ondareak gaur egun dituen arriskuei aurre egiteko.

Ezagutza, praktika, adierazpen eta tradizioak galtzeak arriskuan jartzen ditu Europako kultura-aniztasuna eta balioen belaunaldien arteko transmisioa.

Gainera, klima-aldaketak, urbanizazio azkarrak, ingurumen-narriadurak eta bestelako eraldaketa sozial zein lurralde-eraldaketek aurrekaririk gabeko presioa eragiten diete kultur-ondasun, paisaia eta adierazpen ugariri; horrek inoiz baino beharrezkoagoa egiten du haien babesari, kontserbazioari eta etorkizuneko belaunaldiei transmititzeari buruzko hausnarketa partekatua egitea.

Aurreko edizioak